Euskadiko Emakumezkoen Selekzioak zortzi jokalari nafar hautatu ditu Espainiako Autonomien Arteko XV-eko Errugbi Txapelketan parte hartzeko. Hain zuzen ere, larunbat honetan Arrasate gipuzkoar herriko Mojategi zelaian izango den Gaztela eta Leoneko taldearen kontra arituko dira.
Hautatutako kirolariak honako hauek dira:
- La Única Errugbi Taldeko pilierrak diren Maika Iturrioz eta Ane Zabalza, bigarren lerroko Nahia Jiménez, hirugarren lerroko Miren Irigoien eta lehenengo erdiko Irene “Potxi” Reyes.
- Bayonnais Taldeko pilierra den Saioa Jaurena eta hirugarren lerroko Maitane Salinas.
- Gaztedi taldeko hegalaria Aitana Pérez.
Jacki Madrid, Javier Aguado eta José Miguel Galdos selekzioko hautatzaileen ustez, torneo gogorra izanen da: "Batez ere, ezin izan dugulako elkarrekin entrenatu egutegiengatik", zion Aguadok. Hala ere, helburua argi dugu: “Saiatuko gara finalera iristen talde azkarra dugulako eta baloia ongi mugitzen badugu aukerak izango ditugulako".
Lehenengo partidua irabaziz gero, Euskadiko Selekzioak maila mantenduko luke. Teorian torneoko norgehiagoka errazenik izan daiteke Gaztela eta Leoneko hautatzaileek Ohorezko Mailara igotzeko fasean aritzen ari diren jokalarien bajak izan ditzaketelako.
Ondoren, apirilaren 27an eta 28an multzoko talderik zailena aurkituko lukete final erdietan, hau da, Madrilgo Selekzioa. Finala, maiatzaren 4an edo 5ean izango litzateke.