Hemen duzu Ordizia Rugby Taldea eta Baztan Rugby Taldea Menditarrak-en arteko partiduko kronika:

 

BRT Menditarrak 3 – Garabi Ordizia 11

 

Pasaden larunbatean, euskal errugbi txapelketako bertze jardunaldi bat jokatu zen. Kasu honetan, BRT-Menditarrak eta Garabi Ordiziaren arteko partidua jokatu zen Lekarozen. Partidu borrokatua aurreikusten zen, izan ere, baztandarrek garaipena eskuratu nahi zuten, lau partidu jarraian galdu baitituzte. Horrez gain, hurbildutako zaleei garaipena eskaini nahi zien.

 

Bertzetik, talde ordiziarrak, goiko postuetan sendo mantentzeko garaipenaren beharra zeukan, baino bazekiten gipuzkoarrek partidu zaila izanen zutela nafarren kontra, izan ere, puntu gutxi ihes egiten dizkiote Obregozo eta Harisperen taldeari Lekarozetik.

 

Lehenengo zatiari erreferentzia eginez, bi taldeak gogo handiarekin hasi zuten norgehiagoka, hala ere, ez ziren zelai erditik anitzik mugitzen, parean defensa sendoak aurkitu zituztelako. Denbora pasa ahala, talde baztandarrak erasoari ekin zion pixkanaka, etxean jokatzen baitzuen eta horretarako partiduaren bila joan behar zen. Hala ere erasoak ez ziren eraginkorrak izan, akatsak izan baitzituzten. Talde ordiziarrak bertzalde, jokaldi estatikoetan nagusitasuna zeukan bai mele zein touch-etan, baino hauek ere ez zuten inongo fruiturik lortu beraien erasoetan. Hala ere, zigor kolpe baten bitartez, talde baztandarrak markagailuan nagusitzea lortu zuen, atsedenaldira 3-0 nagusituz.

 

Bigarren zatiari dagokionez, talde gipuzkoarra sendoago atera zen, eta etxekoek egindako bi zigor kolpeen ondorioz, markagailuan aurreratzea lortu zuten, 3-6. Momentu horretan, bi taldeak partiduaren bila joan ziren baino akats anitz egin zituzten, eta defentsan arras indartsu aritu ziren bi taldeak. Halako batean, aurrelari ordiziarrek egindako jokaldi batean, entsegua egitea lortu zuten, markagailuko aldea handituz. Azken hamar minututan etxeko taldeak etengabeko ahaleginak egin zituen partidua irabazteko baina ez zen posible izan eta norgehiagoka 3-11 bukatu zen.

 

Erran beharra dago jende andana bildu zela partidua ikusteko eta taldeak bihotz-bihotzez eskertzen die zaleei izandako keinu hori. Bertzetik, datorren larunbatean talde baztandarrak Hernanin jokatuko du bertako bigarren taldearen aurka. Nahiz eta partidu zaila izanen duten, norgehiagoka irabazteko beharra daukate, lasaitasuna bilatzeko. Azkenik oroitarazi, taldeak bazkide kanpaina abiatu duela urtero bezala, eta zuen laguntza anitz eskertuko dela taldearen partetik.


Oroitu bazkide kanpainian gaudela eta zure bazkidetza berritzeko edo bazkide berriak ekartzeko aukera duzula!!!!!!


Mila Esker!!!!!!!