Hemen duzu Gerkinka Rugby Taldea "B" eta Baztan Rugby Taldea Menditarrak-en arteko partiduko kronika:

 

Gernika RT “B” - 13 

BRT Menditarrak - 13

Pasaden larunbatean, Gernikako bigarren taldearen eta BRT-Menditarrak-en arteko partidua jokatu zen Gernikan.  Errioxan garaitu zapore gazi-gozoa gelditu zitzaien mingainean eta aurreko postuetarako jauzia ematea espero zuten norgehiagoka honetan garaipena lortuz. Bertzalde, Gernikak irabazteko abagune ederra ikusten zuen, izan ere, etxean jokatzen zuten eta bertako jendearen laguntzaz, garaipena lortzea errazagoa zuen. Jende andana bildu zen partidua ikustera eta partidu borrokatua izan behar zela ikusten zen.

 

Lehen zatian, bi taldeak partiduaren bila atera ziren etengabe, baina bi taldeetako defentsak arras sendo aritu ziren, plakaketa politak oparituz bertan zeuden errugbizaleei. Baztandarrak aitzina pauso bat emateko beharra ikusi zuten eta aurrelarien eta lerroaren arteko jokaldiak egiten hasi ziren baloia alde batetik bertzera mugituz. Nahiz eta pareko defentsaren lerroa hainbat aldiz hautsi, azken metroetan ez zuten asmatzea lortzen eta akats txikiak izan zituzten. Lehenengo zatiaren erdian, talde Bizkaitarrak aurrera joateko apustua egin zuen eta baztandarrek gogor eutsi zieten, nahiz eta batzutan entsegutik arras hurbil egon. Hala ere, inork ez zuen punturik lortu eta hutsean joan ziren bi taldeak atsedenaldira.

 

Bigarren zatiari dagokionez, etxekoak gogorrago atera ziren eta partiduaren bila joan ziren. Baztandarrek berriro ere ederki gelditu zituzten, baina defentsan akats bat egin ondoren talde bizkaitarrak entsegua egitea lortu zuen. Etxeko taldeak markagailuan zeukan aldea handitu nahian erasora bueltatu zen eta zigor kolpe baten bitartez 8-0 jarri zen aurretik markagailuan. Nafarrak momentu horretan iratzarri eta etengabeko erasoari ekin zioten, Gernikak hasieran gelditzea lortu zuen baina aurrelariek egindako jokaldi baten bitartez J. Lintzoainek entsegua lortu zuen,ondotik, I. Iraizozek bihurtu egin zuen. Baztandarrek partidua eskura ikusten zuten eta erasoan jarraitu zuten, honek bere fruituak emanez, bi zigor kolpeen bitartez, 8-13 paratu ziren nafarrak partidua eskura geldituz. Aldea handitzeko aukerak izan zituzten,baina ez zituzten behar bezala aprobetxatu eta garesti ordainduko zuten. Partiduko azken jokaldian, Gernikaren jokaldi nahasi batean, entsegua lortu zuen partidua berdinduz eta 13-13ko berdinketa utziz markagailuan.

 

Erran beharra dago talde baztandarrak hurrengo partidua etxean jokatuko duela Escor Gaztediren kontra. Aurkari arras gogorra izango dute aitzinean ahariek, baino garaipena lortuz gero, goitiko postuetan sartzeko aukera izanen dute. Bertzetik, gogoratu bazkide izateko epea orain irekiko da eta taldeak zuen laguntza eskertuko du laguntza emanez gero.