Hemen duzu Rioja Rugby Club eta Baztan Rugby Taldea Menditarrak-en arteko partiduko kronika.
Marzola Rioja 16
BRT Menditarrak 17
Pasaden larunbatean, aurtengo lehenengo jardunaldia jokatu zen Euskal Ligako lehen mailan. Talde baztandarrak, aitzineko urtea garaipenarekin bukatu zuen Hernaniko bigarren taldeari irabazita eta urtea hasteko gogoekin zegoen 2017ko lehen garaipena eskuratzeko amorruarekin. Parean, Marzola Rioja talde errioxarra zeukan, honek etxean jokatzen zuen eta ez zien partidua erraz utziko. Horrez gain talde nafarrak min hartutako hainbat jokalari zituen eta horrek ere partidua anitz okertzen zuen.
Lehenengo zatian, partidua maldan gora jarri zitzaien ahariei, izan ere egindako zigor kolpe baten bidez talde errioxarra aitzinetik paratu zen markagailuan. Baztandarrek, ez zuten bere jokoa erraz aurkitzen, akats batzuk egin zituzten eta ez zuten asmatzen. Hala ere, egoera honi buelta eman eta entsegua eta geroko transformazioa lortu zuten. Martxa berdinean segituz, ahariek zigor kolpe bat bihurtzea lortu zuen, markagailuan 3-10 jarriz aurretik. Riojak ez zuen inongo asmorik partidu hau galtzeko eta etengabeko erasoari ekin zion, nafarrek gelditu zituzten baina akats baten ondorioz Logroñoko taldeak entsegua eta transformazioa lortu zituen partidua berriz ere berdinduz. Atsedenaldiaren aurretik, talde errioxarrak aitzinatzea lortu zuen, bihurtutako zigor kolpe baten bitartez, atsedenaldira 13-10 ailegatuz.
Bigarren zatiari dagokionez, bi taldeak aurrelarien zonaldean jokatu zuten, behin eta berriz defentsa hausten saiatuz, baina ez zuten lortu, defentsak gogor aritu baitziren. Baztandarrek egindako zigor kolpe baten bitartez errioxarrek aldea handitu zuten markagailuan 16-10 nagusi jarriz. Harispe eta Obregozoren taldeak honen ondoren, aurrera joan zen partidua irabazteko asmorekin, baina errioxarrek gelditu zituzten jokalari baztandarren asmoak. Baina 70. Minutuan, nafarrek entsegua eta transformazioa lortu zuten, markagailuan aurretik jarriz 16-17. Hala ere, Riojak etengabeko erasoari ekin zion amaiera arte eta aukerak izan zituen baina ez zuen bere helburua lortu eta baztandarrek partidua eraman zuten.
Erran beharra dago, BRT-Menditarrak taldeak ondoko partidua etxean jokatuko duela Escor Gaztediren kontra hain zuzen. Partidu zaila izanen dute aitzinetik ahariek baino garaipen batek taldearen gogoak eta grina suspertuko ditu.