BRT Menditarrak 11
La Única RT 34
Pasaden larunbatean nafarren arteko derbia jokatu zen Lekarozen BRT-Menditarrak eta La Unica Rugbi Taldearen artean. Zale anitz bildu ziren partidua ikustera, etxeko zaleez gain, iruindar zale asko hurbildu ziren partidua ikustera eta giroaz gozatzera. Partidu arras zaila ikusten zuen etxeko taldeak, izan ere parean txapelketako talde indartsu bat zeukan aitzinean eta ez zizkion gauzak erraz jarriko Harispe eta Obregozoren taldeari. Hala ere, “Ahariek” partidua irabaztea zuten burua, partidu hauetan emaitzaz gain ohorea jokatzen baita, gainera norgehiagoka etxean izanda are eta gogo gehiago paratuko zion talde baztandarrak. Bertzetik talde iruindarrak goiko postuetan sendotzeko beharrezkoa zuen gailentzea eta goiko postuetan aurrera pausu bat emateko gogoa zeukan. Giro honekin hasi zen norgehiagoka.
Lehenengo zatia hasi eta berehala nabaritu zen bi taldeak gogotsu ekin ziotela partiduari, izan ere, etengabeko erasoak egin zituzten bi taldeek, baina defentsa itzelak aurkitu zituzten aurrean eta ez zuten min handirik egitea lortu. Aurrelariak etengabeko borrokan aritu ziren beraien artean, eta bi lerroak sendo jardun zuten etengabeko erasoen aitzinean. Hala ere partidua aurrera joan ahala, talde iruindarra nagusituz joan zen, etxekoen bi akats aprobetxatu zituen eta bere helburua lortu zuen bi entsegu eginez, hauek gerora bihurtuak izango zirenak. Baztandarrek, ez zuten partidua ihes egiterik nahi eta zigor kolpe bat bihurtzea lortu zuten. Oraindik partidua bizirik zegoen, baina La Unica-k bertze zigor kolpe bat sartzea lortu zuen eta atsedenaldira 3-17ko markagailuarekin iritsi ziren taldeak.
Bigarren zatiari dagokionez, etxeko talde indartsu atera zen zelaira atsedenalditik eta partiduan sartzeko ahaleginak egin zituen etengabe. Horrela I. Lizasoain-ek entsegua egin zuen etxekoentzat eta etxeko jokalarien arima suspertu zuen. Partidua gehiago berotzeko baztandarrek bertze zigor kolpe bat sartzea lortu zuten 11-17 jarriz markagailuan. Partidua zirraraz bete zen berriz eta zelaian etengabeko norgehiagoka ikusten zen. Baina etxekoen momenturik onenean, epaileak etxeko bi jokalari kanporatu zituen txartel horia ateraz eta horrek partidua anitz baldintzatu zuen. Kanpokoek zelaian zeukaten nagusitasunaz baliatuz bi entsegu egin zituzten, horietako bat bihurtuz. Horren ondotik, bertze bi kolpe bihurtzea lortu zuen, partidua guztiz hautsita utziz eta 11-34ko markagailuarekin bukatu zen norgehiagoka.
Zaleak gustura geratu ziren ikusitako partiduarekin, izan ere, etengabeko borroka bata izan zen eta jokoa nahiko berdindua egon zen etxeko taldearen bi kanporaketa horien aurretik. Honakoan, iruindarrak alaiago bueltatu ziren etxera eskuratutako garaipenarekin.
Erran beharra dago, derbia galdu ondoren, etxeko taldeak garaipena eskuratu nahi duela konfiantza hartzeko. Horretarako hitzordua dauka Garabi Ordiziaren kontra, partidua Ordizian jokatuko da. Nahiz eta norgehiagoka zaila izan, baztandarrek garaipena eskuratzeko ahalegin guztiak eginen dituzte.