Iruña Rugby Club 15 – Baztán Rugby Taldea Menditarrak 22
Pasaden larunbatean lehenengo derbi nafarra jokatu zen, Euskal Ligako lehenengo mailan. Bi partaideak, Brt-Menditarrak talde baztandarra eta Iruña talde iruindarra ziren. Partidu zaila izango zela ikusten zen, izan ere, talde baztandarrak hainbat jokalari falta zituen, horietako batzuk min hartuta. Parean Iruña zeukan, hauek aurten igo ziren berriz ere baina ez zizkioten gauzak erraz jarriko iparraldeko taldeari eta garaipena eskuratzeko ahal bezain bat egingo zuten. Partidua Nafarroako Unibertsitate pribatuko zelaian jokatu ziren eta hainbat zale hurbildu ziren partidua ikustera, alde batetik zein bertzetik.
Lehenengo zatian, bi taldeek etengabeko norgehiagokari ekin zioten. Biak ere erasoan hasi ziren baina ez zuten anitzik asmatu izan ere zelai erdian kontzentratu baitzen jokoaren gehiengoa. Kanpoko taldeak, aurrelarien jokaldi batean eta erdi melearen joko azkarrari esker entsegua egitea lortu zuen, entsegua, L. Barrenetxek egin zuen. Entseguak eman zien konfiantzarekin talde baztandarrak gehiagoren bila segitu zuen, horrela, zigor kolpe baten bitartez, markagailuan zeukan abantaila handitzea lortu zuen. Honen aitzinean, iruindarrek ez zuten partidua galdutzat eman eta zigor kolpe baten bitartez markagailura hurbildu ziren. Horrela iritsi ziren bi taldeak atsedenaldira.
Bigarren zatian, partiduak gidoi berdinarekin jarraitu zuen. Bi taldeak berriz ere elkarri erasoan hasi ziren, baina hasiera batean ez zuten min anitzik egitea lortu. Baztandarrek, aurrelari eta lerroaren arteko jokaldi baten bitartez entsegua egitea lortu zuten, entsegua, J. Martinezek egin zuen, gero, L. Barrenetxek bihurtuko zuena. Iruña ez zen gibelean gelditu eta ondoko minutuetan entsegua eta transformazioa lortu zuen, aldea estutuz. BRT-k, bertze eraso ahalegin bat egin zuen, eta fruituak eman zizkion ahalegin horrek, izan ere, L. Barrenetxek zuhurtzia jokaldi batean bertze entsegua egitea lortu zuen, ondoren berak bihurtu zuena. Hau gertatuta, Iruñak azken eraso ahaleginak egin zituen eta entsegu bat lortu zuten, markagailua 15-22 geldituz. Azken txanpan talde baztandarrak erasoei ongi eustea lortu zuen eta horrenbertzez garaipena baztanerat joan zen, berriz ere garaipenaren bideari helduz.
Erran beharra dago, hurrengo astean ez dela partidurik izanen eta ondoko partidua Azaroko lehenengo asteburuan jokatuko dela Lekarozen BRT eta Getxo B-ren arteko partidua izanen da. Norgehiagoka etxean izaki, talde baztandarrak emaitza ona ateratzeko lanean jarriko da, pixkanaka puntuak eskuratzen joateko.