San Juan – Donibane Kirol Elkarteko Batzar Aretoak Donibane Karate Nazioarteko III. Txapelketaren aurkezpena hartu zuen joan den maiatzaren 20an. Lehiaketak arratsalde osoa iraungo du, 20:00ak arte, eta Espainiako hainbat lekutatik iritsitako karatekak bilduko dira bertan, penintsularen iparraldean erreferente bihurtzen ari den norgehiagokari bere onena emateko asmoz.
Iaz 300 karatekak baino gehiagok izena eman bazuten, oraingoan izena emateko epea ia 400 atletarekin itxi da, beraz, aurten ere parte-hartze datuak hobetu dira. Txapelketan, 6 eta 80 urte bitarteko kirolariak lehiatuko dira, gizonezkoak zein emakumezkoak, Kata eta Kumite modalitateetan. Gainera, bigarren urtez jarraian, para-karate modalitatea sartu da, txapelketa inklusiboa izan dadin. Izan ere, Espainiako egungo txapeldunek dagoeneko baieztatu dute parte hartuko dutela.
Antolatzaileek erabaki dute txapelketa jende guztiarentzat irekia izatea, eta beraz, bazkide ez direnek ere izango dute kirol esparrura sartzeko aukera. Estatuko eta nazioarteko arbitroak ere izango dira ekitaldi horretan. Ekitaldi guztia YouTube bidez ikusi ahal izango da Nafarroako Karate Federazioaren sare sozialetan.
Donibanen antolatutako prentsaurrekoan, Carlos Ayerdi (txapelketaren antolatzailea), Alfredo Irisarri (Nafarroako Karate Federazioko presidentea), Iñigo Gómez (Iruñeko Udaleko Kultura, Jaiak, Hezkuntza eta Kirol arloko zuzendaria), Xabier Larraya (Nafarroako Kirol Institutuko Erakundeen Arretarako eta Kirol Errendimendurako zuzendariordea) eta Ramón Martín (Donibane KEko batzordekidea) izan ziren.
Testua eta argazkiak: ADSJ-DKE.